XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Taylor-ek dio, gainera, ariketa dela trebezia erabiltzen dugunean gertatzen dena.

Gure iritziz, Taylor-en bereizketak erabilgarriak dira abstraktuan hartuta, baina praktikan zaila da beroriek era koherente batean aplikatzea, frogatu izan denez.

Gaitasun komunikatiboaren edukiak zehazterakoan gaitasun batzuk (adib. hizkuntz gaitasuna) estatikoagoak direla konturatu ginen, eta beste batzuk, berriz, dinamikoagoak (adb. estrategia-gaitasuna). Geroago itzuliko gara gai honetara.

Artikulu honetan lehenengo eta behin gaitasun komunikatiborako proposatu diren ereduak aztertuko ditugu, eta gero geure markoa aurkeztuko dugu, ikuspegi pedagogikotik pertinenteak diren osagaiak biltzen dituena.

Gure ereduaren helburu praktikoaren haritik, garrantzi handia eman diogu eredua eratzen duten osagaien edukiak xehetasunez deskribatzeari.

Ondo jabetuta gaude ezinezkoa dela une honetan hizkuntzaren gainean dakigun eta hizkuntzak irakasteko pertinentea den guztia jaso eta sailkatzea; bestalde halako helburu zabal bati ekinda ere, ezinezkoa litzateke esatea emaitzarik eguneratuenak aurkeztu ditugula arlo guztietan, batez ere azken-azken uneko emaitzak askotan eztabaiden iturri izaten direlako eta ez direlako behar bezain frogatuta egoten arlo pedagogikoan fidagarritasunez ustiatzeko.

Hortaz, arrazoi pedagogikoetan oinarritutako eredu bat zelanbait ere selektiboa eta garai jakin bati lotua izango da beti, nahitaez.

Dena dela, ikuspegi praktikotik hitz eginda, ahalegintzea merezi duela iruditzen zaigu.

Izan ere, goian adierazitako erreparuak gorabehera, haren bidez ezagutzera eman dezakegu gaur egun egiten ari den lana, hala hizkuntzak irakasteko curriculumen diseinuan, nola materialen sorkuntzan eta hizkuntz ebaluaketa komunikatiboaren arloan.

Beste bi gauza aipatu gura genituzke sarrera honetan.

Lehenengoa, gure ereduak H2ren ikuspegitik garatua izan arren, neurri handi batean H1en erabilera deskribatzeko ere balio duela, gure iritziz.

Bigarrrena, Michael Canale zenak Merrill Swain-ekin lankidetzan egindako lan eragingarriarekin dugun zorra aitortzen dugula (Canale eta Swain, 1980; Canale 1983).

Autoreok behar handia egin zuten linguistika aplikatuak ahalegindu zitezen gaitasun komunikatiboaren ereduak garatzen alde pedagogikoa eta ebaluaketaren arloa aintzakotzat hartuz.

Orain arte gaitasun komunikatiborako proposatu diren ereduak

Gaitasun komunikatiboaren aurreneko eredu zabalak lortu nahi izan zituen bai irakaskuntza-mailako helburuak eta bai ebaluazio-mailakoak ere.

Canale-k eta Swain-ek eratu zuten (1980) eta Canale-k garatu gero (1983). Eredu honen arabera, lau ziren gaitasunaren osagaiak:

1 Gaitasun gramatikala: hizkuntzaren kodearen ezagutza (gramatika arauak, hiztegia, ahoskera, ortografia etab).

2 Gaitasun soziolinguistikoa: hizkuntzaren erabileraren kode soziokulturala menderatzea (egoera jakin batean hiztegia, erregistroa, dotoretasuna eta estiloa egokiro erabiltzea).

3 Diskurtsoaren gaitasuna: hizkuntzaren egiturak konbinatzeko trebezia, barne-batasuna duten era desberdinetako testuak eratuz (adb. hitzaldi politikoak, poesia).